Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Rackham argitaletxe frantsesak Javier de Isusiren Transparents argitaratu du

Data: 2023(e)ko Martxoak 28

Rackham argitaletxeak Transparents frantsesez argitaratu berri du, Javier de Isusiren Transparentes: Historias del exilio colombiano nobela grafikoa, Kolonbiako Egiaren Batzordeak eta Hegoa Institutuak 2020an argitaratu zutena.

Transparentesek berrogeita hamar urtetik gorako barne gatazka armatuaren (Latinoamerikako zaharrena) ondorioz erbesteratutako kolonbiarren esperientzia jasotzen du.

Kolonbiako Egiaren Batzordeko Carlos Martín Beristainek adierazi zuenez, Transparentes zera da: “Biktimen eta bizirik atera direnen egiaren inguruko ariketa bat, erbestea erakusteko eta belaunaldi berriei ondare bat uzteko ekarpen bikain bat”. “Lan honen horizontea –gehitu zuen Beristainek– berriro ez errepikatzea da; izan ere, ez gara denboraren jabe. Denbora bizi direnena da. Gure lana da iragan izateari utzi nahi ez dion iragan hori barneratzea eta etorkizuna hona ekartzea, konpromiso partekatu gisa”.

Egileari buruz

Javier de Isusi arkitektoa da. Prestakuntza hori du, baina, bokazioz eta lanbidez, komikien egilea da. Bere lanak euskarara, ingelesera, portugesera, alemanera eta finlandierara itzuli dira. Bere lanetako batzuk, gainera, frantsesez argitaratu ditu Rackham argitaletxeak.

Los viajes de Juan Sin Tierra (Astiberri, 2004-2011) seriearekin hasi zen. Hark Latinoamerikara egindako bidaietan inspiratuta dago, eta La pipa de Marcos, La isla de Nunca Jamás, Río Loco eta En la tierra de los Sin Tierra bolumenek osatzen dute. Oscar Wilderen El retrato de Dorian Gray (Astiberri, 2012) nobela ilustratu zuen eta Ometepe (Astiberri, 2012) Luciano Saracinoren gidoia duen komikia marraztu zuen.

He visto ballenas (Astiberri, 2014) lanaren ondoren, Asylum argitaratu zuen 2015ean, CEAR-Euskadirentzako (CEARek eta Astiberrik elkarrekin argitaratu zuten 2017an). La divina comedia de Oscar Wilde (Astiberri, 2019), 2020ko Komikiaren Sari Nazionala irabazi zuena, eta Transparentes (Astiberri, 2020) dira bere azken lanak.


Argitalpen horri buruzko informazio gehiago duzu Hegoaren “Argitalpenak” web-orrian, Kolonbiako Egiaren Batzordearen “Nodos en Europa” web-orrian eta Astiberri eta Rackham argitaletxeen web-orrietan.

Lotutako albisteak