Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Juanjo Celorio Díaz, EHUko Lankidetza Praktiken Programaren aitzindari gisa aitortua

Data: 2023(e)ko Ekainak 19

EHUko Iraunkortasuna eta Gizarte Konpromisoa Zerbitzuak Lankidetza Praktiken Programaren hogeigarren urteurrena ospatu zuen eta ekitaldian zehar, programa garatzea posible egin duten pertsona guztiak aintzatetsi zituen. Besteak beste, Juanjo Celorio Díaz (Hegoako Irakasle eta Ikertzailea dena) programaren aintzindari gisa aitortu zuten. Izan ere, duela 20 urte baino gehiago Gasteizko Irakasle Eskolan abian jarritako lankidetza-praktiken proiektu baten ondorioz sustatu zen Lankidetza Praktiken Programa.

“2000. urtean hasi zen guztia, Juanjo Celorio garai hartako Gasteizko Irakasle Eskolako irakasleak Ekuadorko eskola indigenetako ikasleentzako praktika tutorizatuen programa bat abian jarri zuenean”. Horrela hasten da Campusa aldizkarian argitaratutako artikulua. Bertan adierazten denez gaur egun arte 1.300 ikaslek parte hartu dute programan, 110 GKErekin elkarlanean aritu dira Latinoamerikako, Asiako eta Afrikako 37 herrialdetan.

Juanjo Celorioren arabera “Ekuadorko Amazoniako Pastazako komunitate indigenen Nakaam Tayu erakundearekin eta Hezkuntza Sistema Elebiduneko eskoleekin lankidetzan aritu nahi zuten [EHUko] ikasleen eskaeratik sortu zen proiektua”. Hara joan ziren “lehenengo bost ikasleek (2 emakume, 3 gizon) esperientzia gizarteratu zuten eta urtez urte praktika-belaunaldi berriekin mantendu eta hedatu den interesa sortu zuten”, azpimarratu zuen programaren bultzatzaileak.

Programaren 20. urteurrena Eva Ferreira EHUko errektoreak inauguratu zuen, Estibaliz Sáenz de Cámara Iraunkortasuneko zuzendariarekin batera.  Biek adierazi zuten programa 2003an ofizialdu zenetik, hainbat arlotara hedatu dela eta EHUko hainbat irakasle tartean sartu direla. Era berean, nabarmen igo da ikasleek praktikak egin ditzaketen beste latitude batzuetako herrialdeen eta erakundeen kopurua.


Ikusi hemen Campusa-n argitaratutako albistea.

Lotutako albisteak