Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

"Kolonbiarren erbestealdiari buruzko I. nazioarteko ikerketa topaketa Ginebran: jakintzak, eztabaidak eta proiekzioak" egin da eta Hegoak parte hartu du

Data: 2023(e)ko Ekainak 26

Kolonbiako Egiaren Batzordearen (CEV) ondarea esparru akademikora eramateko asmoz, kolonbiarren erbestealdiari buruzko truke eta eztabaida gune bat garatu zen ekainaren 15etik 17ra Genevako (Suitza) Goi Mailako Ikasketen Nazioarteko Unibertsitate Institutuan.

Topaketa Gina Wirz-Suarez Geneva Graduate Instituteko Soziologiako doktoregaiak eta Jeisson Martínez-Leguízamo Murtziako Unibertsitateko Soziologia Saileko irakasle elkartuak antolatu zuten, Albert Hirschman Demokraziarako Zentroaren eta Ikerketa Zientifikoko Suitzako Funts Nazionalaren (FNS) laguntzarekin.

Irekiera CEVeko Jarraipen eta Monitorizazio Batzordeko Dorys Ardilak egin zuen birtualki, eta Sevillako Unibertsitateko Anastasia Bermúdezek aurrez aurre. Genevako Gizarte Laneko Eskolako Claudio Bolzmanek «Elementos de análisis de la problemática del exilio: una perspectiva dinámica» hitzaldia eman zuen.

Hamalau komunikazio aurkeztu ziren, Europako eta Amerikako erakunde akademikoei lotutako pertsonek eginak. Hegoa Institutuko Claudia Alejandra Sepúlveda Giraldoren komunikazioak «nazioarteko babesa Europan, kolonbiarren erbestealdiaren kasuan» gaia jorratu zuen. Erantsitako programan komunikazio bakoitzaren izenburuak eta hizlariak kontsulta daitezke.

Urabá Global erakusketa

Topaketaz gain, Urabá Global: la memoria viva del exilio que camina por la paz y cómo la recibimos 20 años después, erakusketa egin zen Urabá-Global Suisse elkartearen 20 urteak ospatzeko.

Erakusketa Andrés Pérez Berrioren –Genevan erbesteratu zuten familiarekin 1995eko azaroan, Unión Patriótica (UP) alderdiko militantea zela– irudiek eta idazkiek osatzen dute, bai eta Kolonbian gertatutakoa, Ekuadorrerako irteera behartua, Genevarako irteera behartua eta erbestetik eraikitako horizontea irudikatzen duten erregistroek eta objektuek ere.


Informazio gehiago duzu Kolonbiako Egiaren Batzordearen «Nodos en Europa» webgunean.

Lotutako albisteak