Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Desagertze behartua: ikuspegi juridikoa, psikosoziala, generokoa eta biktimena Erdialdeko Amerikako elkarlaneko topaketa

Data: 2024(e)ko Urtarrilak 24

2024ko urtarrilaren 18an eta 19an, Desagertze behartua: ikuspegi juridikoa, psikosoziala, generokoa eta biktimena Erdialdeko Amerikako elkarlaneko topaketa egin da El Salvadorren, Hegoa Institutuak, «Madeleine Lagadec» Giza Eskubideak Sustatzeko Zentroak eta Cristosal fundazioak antolatuta, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren (Elankidetza) laguntzarekin.

El Salvadorreko, Guatemalako eta Hondurasko giza eskubideen mugimenduko eta mugimendu feministako 15 erakundetako 30 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten topaketan. Helburuak izan ziren, batetik, Erdialdeko Amerikako gerrekin eta errepresioarekin lotutako desagertze behartuaren inguruko ikaskuntzak trukatzea lan-ikuspegi ezberdinetatik eta, bestetik, erakundeek partekatzen dituzten lan-ildoak indartzea, gizateriaren aurkako krimen horren zigorgabetasunaren aurrean eragiteko tokiko, eskualdeko eta nazioarteko estrategiak osatzeko.

Biktimen familiek osatzen dituzten erakundeek bilaketa-lanean duten ibilbidea eta borroka honetako ikaskuntzarik garrantzitsuenak azaldu dituzten. El Salvadorreko Giza Eskubideen Urraketen Biktimen Senideen Batzordea (CODEFAM), «Madeleine Lagadec» Giza Eskubideak Sustatzeko Zentroa eta Comité Pro-Memoria eta Hondurasko Hondurasko Atxilotuen eta Desagertuen Senideen Batzordea (COFADEH) izan ziren erakunde horiek. Ildo beretik, El Salvadorreko Cristosal fundazioak eta Pro-Búsqueda elkarteak estrategia juridikoetan zentratu zuten hausnarketa eta Guatemalako Auzitegi Antropologiako Fundazioak (FAFG) auzitegi-ikuspegitik egin zuen.

UCAko, El Salvadorreko Unibertsitateko eta Guatemalako Giza Eskubideen arloko Lege Ekintzarako Zentroko (CALDH) ordezkariek desagertze behartuaren biktimen familiekin egiten diren prozesu psikosozialak eta sendatzeko prozesuak izan zituzten hizpide beren analisian. Guatemalako La Cuerda elkarteak, Servicio Social Pasionistak (SSPAS) eta Las Dignas elkarte feministak ikuspegi feministatik egin zuten beren ekarpena eztabaidan. Gainera, Justizia Trantsizionalaren Legearen aurreproiektuen proposamenak aztertu ziren, edukiak eta ibilbideak kontrastatzeko –Hondurasko eta El Salvadorreko biktimen eta giza eskubideen erakundeek egin dituzte proposamenok–.

Topaketa amaitzeko, proposamen batzuk egin zituzten denek batera, eskualde eta nazioarte mailan aliantzak eraikitzeko eta, horrela, egia, justizia eta erreparazioa exijitzeko hizpide dugun arloan.

Lotutako albisteak