Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

"Insumisas" Málagako zinema-jaialdian eta Generoari buruzko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Zinema Jaialdian hautatu dute

Data: 2024(e)ko Otsailak 26

25 proiekzio independente baino gehiago egin dira 9 herrialdetan, eta 18 zinema-jaialdi eta erakustalditan izan da. Bada, estreinatu eta zazpi hilabete geroago, Málagako zinema-jaialdira eta generoari buruzko MujerDoc nazioarteko zinema-jaialdira iritsi da Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental dokumentala. Borroka antikolonialerako eta munduko herri okupatu guztietarako garai gogorretan, Insumisasek inspiratu egiten gaitu, eta lotzen gaituzten zapalkuntzen aurka besoz beso borrokatzen jarraitzera bultzatu ere bai.

Málagako zinema-jaialdiaren 27. edizioa egingo da aurten martxoaren 1etik 4ra bitartean. Espainiako zinemarako hitzordu esanguratsuenetako bat da. Insumisas martxoaren 4an proiektatuko da, 17:00etan, Mª Victoria Atienza kultura-etxean, «Emakumeen eskubideak baieztatzen» atalaren barruan.

Bestalde, generoari buruzko MujerDoc nazioarteko zinema-jaialdia gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari da azken urteotan, aldarrikapen feministen inguruko zinema dokumentalari buruzko nazioarteko erreferentzia-gune gisa. Mujeres del Mundo GKEak eta Soriako Udalak antolatzen dute. MujerDoc-en VII. edizio honetako proiekzioak Mercado zinema-aretoetan emango dira martxoaren 9tik 16ra, eta Filminen, berriz, 17tik 31ra.

Insumisas zinema-jaialdi horietan egoteari esker, 2023an hasitako zirkuitu horretan hedatzen jarraitzen da. Kataluniako Transhumant eta Bilboko Cine Invisible Film Sozialak zinema-jaialdiek, adibidez, aipamen berezi bana egin zioten urrian dokumentalari. Aipamen horiez gain, hauek ere jaso ditu filmak: irailean, Sucreko (Bolivia) Giza Eskubideen Nazioarteko Jaialdiaren hemeretzigarren edizioan lortutako aipamena eta Historias en Kilometros Zinema Komunitarioaren Nazioarteko Jaialdian (Kolonbia), «Bakea, Memoria eta Adiskidetzea» kategorian, jasotako film labur onenaren saria.

Beste proiekzio batzuk

Aldi berean, Insumisasen proiekzio independenteak egiten jarraitzen dute, hainbat kolektibo eta erakundek antolatuta. Urtarrilean eta otsailean dokumentala Katalunian (Bartzelona), Madrilgo Erkidegoan (Madril eta Torrejón de Ardoz) eta Euskadin (Bilbo, Igorre, Ormaiztegi eta Zumaia) eman zuten, baita berriz ere Berlinen ere.

Hurrengo hilabeteetan proiekzioak egingo dira Kordoban (Andaluzia); Castro Urdialesen, Santanderren eta Torrelavegan (Kantabria); Laudion eta Tolosan (Euskadi); Getafen (Madril); eta Leitzan (Nafarroa). Quiton (Ekuador) proiekzio bat kudeatzen ari dira. Alemaniako, Austriako eta Suitzako hainbat herritan ere proiekzio batzuk kudeatzen ari dira.



Informazio gehiago:

Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental Laura Dauden brasildarrak eta Miguel Ángel Herrera kolonbiarrak elkarrekin egindako dokumentala da. Hegoa Institutuak egin du eta Forward Films etxeak produzitu du, Euskal Fondoa – Tokiko Euskal Lankidetza Erakundeen Elkartearen finantziazioarekin.

Dokumentala Gertatutako guztia argitan jarri (Hegoa, 2022) ikerketa-txostenean oinarritu da. Hala, sahararren giza eskubideen defendatzaileen lana erakusten du,  El Ghalia Djimi, Mina Baali, Soultana Khaya, Jadiyetu El Mohtar eta Omeima Mahmud defendatzaileen eskutik.

Brasilgo Leste estudioak egindako lau animazio-bloke ditu. Horietan Marokok emakumeen aurka erabilitako indarkerien larritasuna eta irismena erakusten dituzte, baita aktibista horiek beren herriaren eskubideen alde borrokatzeko erakusten duten indar etenezina ere. 

Lotutako albisteak