Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

“Insumisas”, Marokok emakume sahararren aurka erabiltzen duen indarkeria agerian jartzen duen dokumentala

Data: 2023(e)ko Apirilak 17

Hegoa Institutuak maiatzaren 4an 19:00etan aurkeztuko du dokumentala Bilboko alondegiko Golem zinema-aretoetan. Filmak Mendebaldeko Saharako lurralde okupatuetan diharduten aktibisten lana dokumentatzen du, eta 1975ean Marokok lurralde hura inbaditu zuenetik emakume sahararren aurka egindako giza eskubideen urraketei buruzko datu estatistikoak ematen ditu.

2020ko azaroaren 13an, 30 urte eta gero, Marokoren segurtasun-indarrek su-etena hautsi zuten eta Afrikako azken kolonia den Mendebaldeko Saharan gerra berpiztea eragin zuten. Legez kontra okupatutako lurralde horietan bizi diren emakume sahararrek hura aurreikusi zuten aste batzuk lehenago; izan ere, irailaz geroztik erresistentziaren aurkako presioa eta militarren presentzia areagotu zen kalean.

Azaroko gau hura inflexio-puntu bat izan zen. Harrez geroztik, segurtasun-indarren errepresioa larriagotu zen eta aktibisten aurkako ohiko indarkeria sakondu zen. 1975ean, Marokok lurraldea inbaditu zuen, Espainiak, bere aldetik, Maroko eta Mauritaniaren eskuetan utzi baitzuen bere 53. probintzia hura, legez kontra. Orduz geroztik, emakumeak errepresioaren helburu bilakatu ziren, Sahararen autodeterminazioaren aldeko borrokan zuten rol nagusiagatik.

Desagertze behartuak, tortura, sexu-indarkeria, diskriminazioa eta zentsura salatzen zituzten emakume sahararrek, baina horiek ez ziren ikertzen edo dokumentatzen. Dokumentala Hegoa Institutuak zuzendu eta Forward Films etxeak produzitu du. Haren bitartez, Gertatutako guztia argitan jarri. Emakumeen giza eskubideen urraketak Mendebaldeko Sahara okupatuan (1975-2021) txostenak abiatutako lanari jarraipena eman nahi diote.

Txostena, bada, Hegoa Institutuko talde batek eta hainbat saharar aktibistak elkarlanean egin zuten eta 2022ko otsailean argitaratu zen. Bertan, Mendebaldeko Saharako hiri okupatuetan errepresioa pairatu duten 81 emakumeren lekukotzak jasotzen dituzte. Filmak, gainera, prozesu horren zenbait protagonistaren istorioak kontatzen ditu, biktima, ikertzaile eta giza eskubideen defendatzaile gisa duten rol hirukoitzean: El Ghalia Djimi, Mina Baali eta Soultana Khaya. Halaber, Jadiyetu El Mohtar eta Omeima Mahmud diplomazialarien analisia eskaintzen du. Haiek Euskadiko eta Genevako ordezkaritzan daude, hurrenez hurren. Beren ibilbideak erakusteaz gain, dokumentalak Europan salatzeko eta eragiteko egiten duten lanari jarraitzen dio, eta gerraren berpizteari eta Espainiak 2022ko martxoan egin zuen norabide aldaketari buruz duten iritzia eskaintzen du.

Beraz, filmak begirada sentsible eta hurbila eskaintzen du saharar aktibisten esperientziaren inguruan, eta animazioak eta oso ezagunak ez diren datu estatistikoak ematen ditu. Insumisas lanak, bada, Marokok emakumeen aurka erabilitako indarkerien larritasuna eta irismena erregistratzen ditu, baina, batez ere, kolonialismoaren argazki bat eskaintzen digu generoaren auzitik abiatuta. Izan ere, lehen planoan kokatzen du emakume aktibista horiek beren herriaren eskubideen aldeko borrokan erakusten duten indar apurtezina.

Laura Daudén brasildarra eta Miguel Angel Herrera kolonbiarra zuzendari dituela, Insumisas 25 minutuko dokumental laburra da. Hura Hegoa Institutuak egin du eta Forward Films etxeak produzitu du, Euskal Fondoa lankidetzako tokiko euskal erakundeen elkartearen finantziazioarekin. Filma hurrengo maiatzaren 4an aurkeztuko da Bilboko Golem zinema-aretoetan.

Proiekzioaren ostean, Hegoaren presidente den Irantzu Mendia Azkue ikertzaileak Gertatutako guztia argitan jarri txostenaren ondorio nagusiak azalduko ditu. Ondoren, Pilar Kaltzada kazetariak El Ghalia Djimi defendatzaile sahararraren eta Laura Daudén zuzendariaren arteko mahai-inguru bat moderatuko du.

Aurkezpen-jarduera hura Euskal Fondoaren babesa du, baita Eusko Jaurlaritzaren Giza Eskubide, Biktima eta Aniztasun Zuzendaritzaren eta Bilboko Udalaren laguntza ere. Dokumentalaren elaborazioa eta aurkezpena barne hartzen dituen lankidetza-proiektuak honako udal hauen finantziazioa du (ordena alfabetikoan): Arrasate, Donostia, Guëñes, Hernani, Ibarra, Lasarte-Oria, Legorreta, Lezama, Oiartzun eta Tolosa. 



INFORMAZIO GEHIAGO:

Tatiana Montenegro Garay (proiektu-kudeaketa)
946 01 36 50 - tatiana_montenegro@hegoa.info 

Andrea Gago Menor
(komunikazioa)
688 78 03 16 / 946 01 38 56 - andrea_gago001@ehu.eus



Lotutako albisteak