Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

"Gender Issues" eta "Postcolonial Studies": bi aldizkari espezializatu berri Hegoaren Hemerotekan

Data: 2024(e)ko Uztailak 29

Hegoaren Dokumentazio Zentroaren hemerotekak (UPV/EHU) aldizkako bi argitalpen berri ditu hilabete honetatik aurrera: Postcolonial Studies eta Gender Issues. Hemeroteka hau Hegoa Institutuak ikaskuntza, irakaskuntza eta ikerketarako eskaintzen duen baliabideetako bat da.

Postcolonial Studies hiru hilean behin argitaratzen da, Melbourneko Ikasketa Poskolonialen Institutuak bultzatuta; Routledgek (Taylor & Francis Group) argitaratzen du. Harreman eta prozesu kolonialek munduko ordena nola eratu zuten eta nola eratzen jarraitzen duten aztertzen du diziplinartekotasunez.

Hala, gai hauek jorratzen ditu, besteak beste: joan-etorriak eta migrazioak, justizia klimatikoa eta ingurumen-etika, generoa eta sexualitatea, toki-populazioen eta kolonoen arteko harremana, indarkeria politikoa eta deskolonizazio-mugimenduak.

Gender Issues diziplina anitzeko aldizkaria da, generoa eta genero-berdintasuna hainbat testuingurutan jorratzen dituena. Springerrek argitaratua, aldaketa ekonomiko, juridiko, politiko eta sozialek genero-identitatean eta -harremanetan duten eragina ebaluatzeko analisi politiko, ekonomiko eta sozialak argitaratzen ditu.

Hegoa hemerotekako katalogoak 215 bilduma ditu gaur egun, gaztelaniaz, euskaraz, frantsesez eta ingelesez. Garai ugaritako aleak gordetzen dira, hala nola hauek: 1979az geroztiko Nueva Sociedad; 1981az geroztiko Envío aldizkari nikaraguarra; eta 1987az geroztiko Journal of Modern African Studies.

Bi bilduma berri horiez gain, honako bilduma hauek ere nabarmentzekoak dira: Alternatives Humanitaires/ Humanitarian Alternatives; Ecología Política - Cuadernos de Debate Internacional; Gender & Development; Revista de Economía Mundial; The European Journal of Development Research; Le Monde Diplomatic; Nueva Sociedad; Papeles de Relaciones Ecosociales y Cambio Global eta Journal of Refugee Studies.