Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

David Morales eta Alejandra Cabrera El Salvador eta Guatemalako giza eskubideen aldeko ekintzaileak elkarrizketatu ditu “Gara” egunkariak

Data: 2025(e)ko Urtarrilak 28

David Morales El Salvadorko Cristosal Fundazioko Justizia Trantsizionaleko koordinatzailea eta Alejandra Cabrera Guatemalako komunikatzailea, aholkulari politikoa eta desagerrarazitako politikari baten alaba Euskal Herrian izan ziren iragan abenduan Hegoa Institutuak antolatutako Behartutako Desagertzeei buruzko Mintegian parte hartzeko. Bada, bisitaldia baliatuta bi ekintzaileak elkarrizketatu zituen Ainara Lertxundi kazetariak eta Gara egunkariak elkarrizketa kaleratu berri du “Enfrentamos toda una estructura de negación y de encubrimiento” (“Ukazio eta estalketa egitura oso bati egiten diogu aurre”) izenburupean.

Elkarrizketan, David Morales eta Alejandra Cabrera ekintzaileek askotariko gaiak jorratzen dituzte, besteak beste, El Salvador eta Guatemalan indarrean jarritako lur erreko politikak, egia eta justizia bilatzeko ahalegin nekaezina, desagertzeek eta torturak herrialdeotan izandako eragina edo ugaritzen ari diren tesi negazionistak.

Davi Morales abokatua da eta giza eskubideak defendatzeko prokuradorea ere izan zen El Salvadorren, baita herrialdeko Legebiltzarreko kidea ere 2013 eta 2016 artean. Gaur egun, El Salvadorko Cristosal Fundazioko Justizia Trantsizionaleko koordinatzailea da. Besteak beste, El Mozote eta El Calabozoko sarraskietan gertatutakoa ikertzeko kereilak bultzatzen ari den legelarien taldeko kidea da.

Alejanda Cabrera, berriz, Guatemalako komunikatzailea eta aholkulari politikoa da.  Diario Militar auzian kereilaria ere bada Cabrera. Auzi horretan, “Estatuaren etsaitzat” jotako 195 pertsonaren erregistroa jasotzen duen inteligentzia militarreko agiria ikertzea eskatzen da. Besteak beste, Alejandra Cabreraren aita, Leopoldo Cabrera politikaria, agertzen zen erregistro horretan. Leopoldo Cabrera Guatemalako Langileen Alderdiko (PGT) finantzen idazkaria zen 1984ko martxoaren 1ean atxilotu eta desagerrarazi zutenean.

Bai David Morales bai Alejandra Cabrera ados daude behartutako desagertzeak ez direla “iraganeko kontua” esateko orduan. Horrelako iruzkinak entzutera ohituta badaude ere, argi dute giza eskubideen alde jarraituko dutela, bai eta euren herrialdeetan benetako justizia trantsizionala lortzeko lanean ere.


Argazkia: David Morales eta Alejandra Cabrera, Donostia-San Sebastián. Andoni CANELLADA | FOKU. Gara.

-