Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

"Migrazioa eta Kolonbia. Nazio bat erbestean" jardunaldietan parte hartu du Hegoak, Bordelen

Data: 2025(e)ko Otsailak 20

Kolonbiako gatazka eta horrek migrazioekin eta erbestearekin duen harremana hobeto ulertzen laguntzeko, France Amérique Latine 33 (FAL 33) nazioarteko elkartasuneko eta herri-hezkuntzako elkarteak «Migrazioa eta Kolonbia. Nazio bat erbestean» jardunaldiak antolatu zituen otsailaren 14an eta 15ean, Bordelen.

Hegoako Claudia Alejandra Sepúlveda-Giraldo FARC-EPrekin  gindako bake-prozesuan eta Kolonbiako Egiaren Batzordean erbesteratuek jokatu zuten rolari buruzko mahai-inguruan parte hartzera gonbidatu zuten. Enoan Díaz Martínezek ere parte hartu zuen mahai-inguru berean; Enoan Movilízate plataformako kidea da, eta Kolonbiako Egiaren Batzordea babesteko Valentziako nodoaren koordinatzaile ohia.

Entzule gehienbat frantsesen aurrean, hizlariek nabarmendu zuten Kolonbiako Egiaren Batzordeak erbesteratuekin egin zuen lana kanpoan biktimen eskubideei buruz egindako etengabeko aldarrikapenei esker izan zela posible, are FARC-EPrekin bake-akordioa sinatu baino lehen ere.

Gainera, prozesua eta aurkikuntzak azaldu zituzten, erbestearen biktimak egiaren batzorde batean lehen aldiz sartzea ekarri zutenak. Hori Hay futuro si hay verdad. Informe Final de la Comisión para el Esclarecimiento de la Verdad, la Convivencia y la No Repetición (2022) argitalpeneko «Las verdades del exilio. La Colombia fuera de Colombia» kapituluan zehaztu zen.

Publikoak positiboki baloratu zuen aipatu txostenaren ekarpen historikoa, baina kritikarik ere izan zen, eta hura arbuiatu zuenik ere bai. Iritzi horien aurrean, Sepúlvedak eta Díazek nabarmendu zuten errespetua zor zaiela egiarako eskubideari buruzko Kolonbiako lehen erakundearen agindua babestu zuten biktimei eta garrantzitsua dela orain daukagun eta publikoak kontsulta dezakeen dokumentu-ondare instituzionala. 

Jardunaldietan, gainera, Alexa Rochiren eta Ivonne Alonso Mondragónen Disparos por disparos argazki-erakusketa egin zen. Irudien bidez, hauetan murgildu ginen: FARC-EPrekin egindako bake-prozesuan, bake-erreferendumari Kolonbiak erakutsitako ukoan, 2021eko greba nazionalean eta mugimendu feministaren eta LGTBIQ+ kolektiboen borroketan, besteak beste.