140 erakundek baino gehiagok frankismoaren biktima sahararrentzat justizia eskatu dute Egiaren Batzordearen aurrean
Espainiako koloniaren garaian diktaduraren errepresioa jasan zuten biktima sahararrak ere frankismoaren biktimak dira eta ezin dira historiatik kanpo geratu. Horixe aldarrikatzen du joan den apirilaren 30ean AFAPREDESA Preso eta Desagertu Sahararren Senideen Elkarteak eta Sahararekiko Elkartasun Elkarteen Estatuko Koordinakundeak (CEAS-Sahara) aurkeztutako manifestuak.
Erakundeek krimen horiek ikertzeko eskatu zioten Baltasar Garzón presidente duen Egiaren Batzorde eratu berriari, baita biktimak Memoria Demokratikoko politiken barruan aintzat hartzeko ere.
Ekitaldian, erakundeetako ordezkariek manifestua aurkeztu zuten. Hura, ordura arte, memoriaren eta giza eskubideen arloko eta gizarte zibileko 100 erakundek baino gehiagok sinatu zuten, baina aurkezpen publikoaren ostean, beste 40 erakundek ere bat egin zuten.
Aktibista sahararrek eta hainbat erakundetako ordezkariek osatutako taldeak Saharauis. Las otras víctimas del franquismo y postfranquismo. Memoria, desmemoria y responsabilidades del Estado español txostenaren ale bana eman zien Batzordeko kideei (20 guztira).
Mendebaldeko Sahara eta memoria kolektiboa
Mendebaldeko Sahara Espainiako kolonia izan zen 1884tik 1976ra bitartean. Kolonia aldi horretan, Estatuak torturak, errepresioa, desagertze behartuak eta giza eskubideen beste urraketa batzuk egin zituen. Saharauis. Las otras víctimas del franquismo y postfranquismo (Sahararrak: frankismoaren eta frankismo ostearen beste biktimak) txostenak dokumentatu egiten ditu sahararrek frankismoan eta frankismo ostean jasandako errepresio gertakariak. Horien artean ditugu, besteak beste, 1957ko Ifni-Saharako gerra, manifestazio baketsuen errepresioa (esaterako Zemlakoa) eta Espainiak alde egin zuenean gertatutako desagertzeak, hala nola Mohamen Bassiri liderrarena.
AFAPRESESAko presidente eta txostenaren egile Abdeslam Aomar Lahsenek hori nabarmendu zuen Espainiako Lurralde Politika eta Memoria Demokratikoaren Ministerioaren ate aurrean: “biztanle sahararrak Espainiako Memoria Demokratikoko politiketatik kanpo uztean, arraza irizpideetan oinarritutako diskriminazio tratua ematen zaizkie, Espainiaren okupaziopean egiten zen bezalaxe”.
Abdeslamek egiarako eskubidearen garrantzia azpimarratu zuen, baita artxibo eta erregistro ofizialetarako sarbidea ere: “Konfiantza dugu Batzordearen lan independentean, Baltasar Garzón epailearen agindupean; eta azken ondorioetan saharar herriaren egia eta justizia eskubideak eta ez errepikatzeko bermeak sartzea espero dugu”.
Bere aldetik, CEAS-Saharako bozeramaile Enrique Gómezek honakoa azpimarratu zuen: “Espainian ezin da memoria demokratiko osorik egon Estatuak biztanle sahararrekin duen erantzukizuna onartzen ez badu, horiek Espainiako gobernuaren errepresioa jasan baitzuten. Egia metropoliaren mugen barruan ez geratzeko eskatzen dugu”. Halaber, nabarmendu egin zuen Estatuaren obligazioak memoria demokratikoaz harago doazela, Espainia lurralde horren potentzia administratzailea baita oraindik.
AFAPREDESAk eta CEAS-Saharak Hegoa Institutuaren laguntzaz bultzatutako ekimen hura biztanle saharar askoren erbesteratze behartua baino 50 urte geroago garatzen da. Erbesteratutako herritar horiek Algeriako basamortuko kanpamentuetan jarraitzen dute, eta beste askok Mendebaldeko Saharako okupaziopean.
Herritar horiek, duela 50 urte, espainiartzat onartzen zituen Estatuak, eta gaur egun, biktima gisa aintzat hartzeko eskatzen ari dira.
Informazio gehiago:
-
Manifiestua (laburpena euskaraz).

Argazkiak: Antxon Gómez Landajuela.
Lotutako albisteak