Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Nazio Batuen Torturaren aurkako Batzordeak (CAT) onartu du Marokok Omar N´Dour saharar herritarraren aurkako bortxaketak egin zituela

Data: 2021(e)ko Abenduak 28

NBEren Torturaren aurkako Batzordeak (CAT, ingelesezko siglen arabera) ebazpen irmoa eman zuen azaroaren 26an, Marokoko Estatuari eskatuz ordainen bat ematea, eta epaileen aurrera eramatea Omar N´Dour sahararrak, marokoar segurtasun-indarrek 2010ean atxilotu eta gero, zenbait hilabetez jasan zituen torturen eta bortxaketen erantzuleak. Halaber, CATek Marokori eskatu dio ez dezala egin N´Dourri eta haren familiari kalte fisiko edo morala egin diezaiekeen inolako presio, larderia edo errepresaliarik.

Omar N´Dourren historia Hegoak argitaratutako Memoriaren oasia. Memoria historikoa eta giza eskubideen urraketa Mendebaldeko Saharan liburuan azaltzen da (Martin Beristain eta González Hidalgo, 2012). 2010eko urrian, hainbat saharar gaztek Gdeim Izik kanpalekua ezarri zuten basamortuaren erdian, Aaiundik hamar kilometrora, okupatutako Mendebaldeko Saharan. Kanpalekua –haren izenak “duintasuna” esan nahi du hassaniaz– haima gutxi batzuekin hasi zen, Marokoren okupazioaren baldintza sozial eta ekonomikoengatik protesta baketsua egiteko asmoz. 2010eko azaroan indarkeriaz desegin zutenerako, 16.000 pertsona inguru biltzeraino hazita zegoen.

Erasoa eta bortxaketak

Omar N´Dour kanpaleku horretako segurtasun-taldeko kidea zen. Marokoko segurtasun-indarrek erasoa egin zutenean, Omar ez zegoen han, baina egunsentian iritsi zen eta zaurituetako batzuk eraman zituen bere etxera. Bertan atxilotu zuten, zenbait kiderekin batera, eta hiriaren kanpoaldeko basamortu-eremu batera eraman zuten. Memoriaren oasia liburuan irakur daitekeenez:

“Han, begiak bendaz estalita, esan zioten hilobi bat egina zutela berarentzat; aldi berean, hiltzeko mehatxuak egiten zizkioten arma zuriekin eta suzko armekin, jantziak kendu zizkioten, ur hotzean bainatu zuten eta kristalezko botila batez bortxatu zuten. Komisariara itzuli ondoren, kolpeak jo eta torturatu egin zuten, eta ziega batera bidali zuten, beste 80 pertsonarekin batera. Geroago, espetxetik epaile baten aurrera eraman zutenean, Omarrek adierazi zion torturak jasan zituela, lesioak erakutsi zizkion epaileari, eta auzitegi-txosten mediko bat egiteko eskatu zuen.

Omar N´Dour zaurituta bazegoen ere, arreta medikoa ukatu zioten handik hilabete batzuetara arte, preso asko pilatuta, higienerik eta elikadurarik gabe espetxeratuta zegoela. 2011ko maiatzean, aske utzi zuten Omar”.

“Errudunak epaileen aurrera eramatea”

Orain, “bost urtez aztertu ondoren bai Omarren salaketa eta hark aurkeztutako txostenak, bai Marokoko Estatuak horien aurka egindako alegazioak”, CATek arrazoia eman dio biktimari, eta atxilotu zutenetik gertatutakoari buruz egindako kontakizunari (Reviejo, 2021).

Horrenbestez, CATek torturatzat jotzen ditu N´Dourrek atxiloketan, galdeketan eta espetxealdian jasandako tratu txar fisikoak eta lesioak, Torturaren aurkako Hitzarmenaren 1. artikuluan azaltzen den adieraren arabera. Era berean, CATek Hitzarmena urratu izanaz akusatu du Marokoko Estatua, krimen horiek ez zigortzeagatik, eta hark hartu beharreko zenbait ordain-neurri adierazi ditu.

Ebazpena urrats garrantzitsua da, Marokok egindako giza eskubideen urraketen biktima izan diren sahararren egia aitortzeko bidean, eta indarra ematen die haien justizia-eskaerei. Ildo horretan, Omarrek berak, Memoriaren Oasiarako lekukotza ematean, honakoa zioen: “Nire asmo bakarra, zaila izango dela uste dudan arren, errudunak epaileen aurrera eramatea da, justiziaz epai ditzaten”.

INFORMAZIO GEHIAGO:

 

Lotutako albisteak