Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Ikasgeletan ekonomia feministak eta eraldatzaileak lantzeko baliabide berriak

Data: 2023(e)ko Azaroak 13

ALIMENTACCIÓN sareak hiru kit berri plazaratu ditu ikasgeletan ekonomia feminista, ekonomia eraldatzaileak eta Laneko Prestakuntza eta Orientabidea ikuspegi kritiko batetik lantzeko balio dutenak.

ALIMENTACCIÓN Justicia Alimentaria-k eta Hegoa Institutuak abian jarritako gizarte- eta hezkuntza-programa bat da, elikaduraren inguruko gaiak jorratzen dituena eta beste erakunde eta ikastetxeekin elkarlanean aritzeko asmoz sortu zena. Besteak beste, gure elikadura-moduak ingurunean, osasunean edota Iparraldeko zein Hegoaldeko pertsonen eta komunitateen bizi-baldintzetan nola eragiten duten aztertzen da programa honen baitan.

“Economía feminista, cómo poner los cuidados en el centro” larrialdi-kitak Ekonomia Feministaren kontzeptua ikuspegi teoriko eta praktiko batetik aztertzen du. REAS Red de Redes erakundeak prestatutako kit honetan inguruneko arazoak identifikatzeko tresnak proposatzen dira. Horrez gain, baliabideen banaketak gauzatzen dituzten eraginak ekonomi- eta genero-ikuspegitik aztertzeko baliabideak eskaintzen ditu.

Ekonomia eraldatzaileek bizitza erdigunean (pertsonena eta planetarena) jartzen duten eredu ekonomikoak planteatzen dituzte, ingurumena errespetatuz eta ikuspegi feminista, soziala eta solidarioa txertatuz. “Emprender desde las economías transformadoras” larrialdi-kitak, Economistas sin Fronteras-ek eginak, hainbat baliabide biltzen ditu ekoizpen- eta kontsumo-eredu arduratsuak bultzatzen  dituzten ekimenak (bidezkoak direnak eta bizitzak errespetatzen dituztenak) abiaraztera zuzenduak.

Azkenik, "Materiales de FOL" larrialdi-kitak ikaslearen garapen pertsonala bultzatzeko asmoarekin sortu da,  aldaketa sozialaren alde subjektu kritiko eta aktibo gisa jarduteko ikasleriak duen gaitasuna indartzeko. Kita, Ana Bergesek (CPIFP Montearagón) eta Ana Apariciok (CPIFP Movera) egin dute, eta 4 bloke didaktikoz osatzen da: lan-orientazioa, lan-zuzenbidea, gizarte-segurantza eta lan-osasuna ikuspegi kritiko batetik lantzen dituztenak.

Kit hauek ALIMENTACCIÓN-ek bere webgunean (redalimentaccion.org) argitaratuta dituen baliabideen bildumaren parte egiten dute. Baliabide horiek bere lankidetza-sareari esker sortu dira, izan ere, sareak  hainbat eragile biltzen ditu gizarte-eraldaketara bideratutako hezkuntza-prozesuak sustatzeko helburuarekin.


ALIMENTACCIÓN sareko baliabide gehiago ikusteko:  

Lotutako albisteak