Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

NBEko atxiloketa arbitrarioei buruzko Lantaldeak Mendebaldeko Saharako Gdeim Izikeko presoak berehala askatzeko eskatu dio Marokori

Data: 2023(e)ko Azaroak 28

Marokoko espetxeetan hamarkada bat baino gehiago zigor gogorrak betetzen igaro ondoren eta legez kanpo atxilotu zituztela ondorioztatu ostean,  NBEko atxiloketa arbitrarioei buruzko Lantaldeak hogei bat ekintzaile saharar berehala askatzeko eskatu dio Marokori.

Mendebaldeko Saharan Giza Eskubideak Babesteko eta Sustatzeko Genevako Laguntza Taldeak eta Marokoko Kartzeletan Preso Sahararrak Babesteko Ligak (LPPS, gaztelaniazko siglen arabera) adierazpen bateratu batean azaldu dutenez, presoen taldean Marokok okupatutako Mendebaldeko Saharako kazetariak eta giza eskubideen defendatzaileak daude. 2010ean atxilotu zituzten, Gdeim Izik herrian antolatutako protesta baketsu masibo baten ostean.

Presoak askatzeko eskakizunean, NBEko Lantaldeak Marokok egindako urraketa larriak adierazi zituen, besteak beste, defentsa juridikoa eskuratzeko eskubidea ukatzea, torturapean lortutako aitorpenak eta epaitu zituen auzitegiaren inpartzialtasunik eta independentziarik eza. Horrek guztiak 2010ean atxilotu zituztenetik askatasuna arbitrarioki kendu zaiela agerian uzten du.   

NBEko Lantaldeak presoei kalte-ordaina bermatzeko ere eskatu zion Marokori, eta askatasun-gabetze arbitrario hori eragin zuten gertakariak ikertzeko eta erantzuleen aurkako ekintzak abiarazteko eskatu zion Erresumari.

Haien familiak izan dira azken 13 urteetan presoak askatzeko borrokaren buru, eta horietako gehienak okupatutako Mendebaldeko Saharan bizi dira, beren seme-alabengandik oso urrun. “Pozik hartzen dugu gure seme-alaben legez kanpoko atxiloketa berresten duen NBEko Lantaldearen erabakia, eta Marokok gure seme-alabak berehala aska ditzala exijitzen dugu”, adierazi zuten familiek.


Informazio gehiago:

Federico Guzmanen ilustrazioa, "Memorias nómadas. Dolor y resistencia en el Sáhara Occidental"  liburuan argitaratua (Carlos Martín Beristain, Alonso Gil eta Federico Guzmán. 2013. Hegoa, Icaria).

Lotutako albisteak