ESSren arloko lankidetza-proiektuen mugei, zailtasunei eta ikaskuntzei buruzko ikerketa bat aurkeztu da Donostian
Joan den otsailaren 19an, «Ekonomia sozial eta solidarioa garapenerako lankidetza proiektuetan» ikerketari dagokion txostena aurkeztu zen Donostian. Hegoak egin du txostena, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Lankidetzako Zuzendaritzarekin sinatutako lankidetza-hitzarmen baten esparruan.
Juan Carlos Pérez de Mendiguren eta Pablo Arrillaga UPV/EHUko akademikoek eta Hegoako ikertzaileek egin zuten aurkezpena, eta bertan izan ziren Ana Priede Lankidetzako zuzendaria eta GGKE batzuk.
Nazioarteko elkartasunaren eragileei eta, bereziki, GGKE-ei gero eta gehiago interesatzen zaie ekonomia sozial eta solidarioaren (ESS) ikuspegia aintzat hartzen duten lankidetza-proiektuak eta esku hartzeko estrategiak bultzatzea, eta GGKE‑entzat oso baliagarria da Gipuzkoan lankidetza oinarri duten proiektuen arloko esperientzia kontrastatua izatea. Interes horrek bultzatuta egin da ikerketa, bada.
Lan honen bidez, ESSren arloko lankidetza‑proiektu batzuk aztertu dira eta horiek sortutako mugak, zailtasunak eta ikaskuntzak ulertu nahi izan dira batik bat. Helburua izan da Gipuzkoako eta EAEko garapenerako lankidetzaren eragileei horrelako proiektuei heltzeko zenbait hausnarketa eta gomendio eskaintzea, arreta berezia jarrita horien kalitatea, iraunkortasuna eta eragina areagotzeko moduetan.