
17 unibertsitatetako eragileak Granadan bildu dira unibertsitate hedakuntza funtzioa zentzu kritiko batetik birpentsatzeko
Estatu espainiarreko eta Latinoamerikako 17 unibertsitatetako irakasleak, ikasleak, administrazio eta zerbitzuetako langileak eta beste eragile batzuk 2024ko maiatzaren 23an eta 24an Granadako Unibertsitatean (UGR gaztelaniaz) egindako Unibertsitate Hedakuntza Kritikoari buruzko I. Jardunaldietan parte hartu zuten, Hegoa Institutuaren eta UGRko Garapenerako Lankidetzarako Ekimenen Zentroaren (CICODE gaztelaniaz) arteko elkarlanari eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziaren (AECID gaztelaniaz) finantzaketari esker.
Guztira 95 pertsonek izena eman zuten ekitaldian non, jardunaldien azpitituluak planteatzen zuen bezala, "eraldaketa ekosozialerantz igarotzeko unibertsitate eta gizartearen arteko artikulazioaren erronkak" aztertu ziren.
Jardunaldia hasteko Espainiar Estatuko 8 unibertsitatetan egindako unibertsitate hedakuntzari buruzko esplorazio-diagnostikoa aurkeztu zen. Azterlanaren egileek, Juanjo Celoriok eta Iris Murillok, Hegoako Hezkuntza Taldeko kideak ere direnak, unibertsitate hedakuntza nola ulertzen eta gauzatzen den argitzeko hainbat ohar eman zituzten. Datuek agerian utzi zuten historikoki Unibertsitatearen hirugarren misiotzat hartu izan den funtzio horrek -irakaskuntzarekin eta ikerkuntzarekin batera- "ezabatzeko prozesuan" dagoela. Haien aburuz, joera horrek “unibertsitate hedakuntza sortu zen helburutik bereiztea dakar, eta horrek ondorio larriak ekar ditzake gaur egun, bizi ditugun premiazko krisiak kontuan izanik".
Jarraitzeko, Gizarte Zientzien Latinoamerikako Batzordeko (CLACSO) Unibertsitate Hedakuntza Kritikoari buruzko Lantaldearen ko-koordinatzailekide ohiak, Humberto Tommasinok, Unibertsitate Hedakuntza Kritikoaren (UHK) ibilbide historikoa gainetik azaldu zuen. Bertan, Unibertsitatearen eginkizuna birpentsatzeko aukera eman zuten mugarriak gogora ekarri zituen, Unibertsitatea politizatzeko eta errotzeko UHKren potentziala agerian utziz.
Diana Granados Caucako Unibertsitateko (Kolonbia) antropologo feminista eta Florencia Brizuela Arrazakeriaren Aurkako Sare Juridikoko kidearen arteko elkarrizketaren bidez, feminismoetatik, antiarrazismotik eta antimilitarismotik sortutako ezagutzek Unibertsitatea nola interpelatzen duten aztertu zen. Biek nabarmendu zuten beharrezkoa dela, alde batetik, unibertsitateak bere ingurunearekin duen harremana aldatzea eta, beste aldetik, erakunde akademikoa eta ezagutzaren ekoizpena eta zabalpena gidatzen dituzten logikak eraldatzea.
Jardunaldietan, Espainiako Estatuan abian jarritako Unibertsitatea-Gizartea artikulatzeko esperientziak ezagutarazi ziren. Esperientzien mahaian UGR-n Palestinako Unibertsitate Sarearen (RUxP) sustatzaileetako bat izan zen (Nadia Hindi), Granada Antirracista kolektiboko kide batekin (Nicole Gracia-Morán) eta La Madraza - Centro de Cultura Contemporánea UGR zuzendariarekin batera (Antonio Collados).
Ekitaldian Carne Crudarekin egindako zuzeneko irratsaio bat eskaini zen. Bertan 300 ikusle baino gehiagok elkarrizketaz eta zuzeneko musikaz gozatu zuten, Unibertsitatearen zereginari buruz eta Unibertsitate Hedakuntza Kritikoari buruz modu atseginean sakonduz.
Amaieran, lan-taldeen gogoetak eta ekarpenak jaso zituen Jardunaldien Azken Adierazpena irakurri zen. Dokumentuak eskaera zehatzak jaso zituen Unibertsitate Hedakuntza Kritikoko proposamenak gure lurralde eta unibertsitateetatik sustatzeko asmoz.
Informazio gehiago:
-
Ekitaldiaren deialdia.
Argazkiak:



Lotutako albisteak




