“Insumisas” dokumentala zazpi hizkuntzetan eskuragarri irekian
Kaleratu eta urte erdira, erakustaldi eta jaialdietan ibilbide luze baten ondoren, bai proiekzio independente ugari egin ostean, Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental dagoeneko eskuragarri dago zazpi hizkuntzatan eta hiru plataformen bidez. Hilabete hauetan zehar, gaztelaniazko eta hassaniazko jatorrizko bertsioari euskarazko, alemanezko, arabierazko, frantsesezko, ingelesezko eta portugesezko azpitituluak gehitu zaizkio.
Filma, bertsio guztietan, honako plataforma hauen bidez ikus daiteke: Hegoa Multimedia, YouTube eta Vimeo. Hegoa Multimedia tresnak bideoa deskargatzeko aukera ematen duen arren, pantaila handian proiektatu nahi izanez gero, hobe da Forward Films ekoizleari bereizmen handiagoko bertsio bat eskatzea.
Bide ireki bat
Bere lehen urtean, bederatzi herrialdetako 25 zinemaldi eta erakusketetarako aukeratu zuten dokumental hau. FISahararen (RASD) XVIII. Edizioko 2. saria jaso zuen, film labur onenaren saria MujerDoc – Generoari buruzko Zinema Dokumentalaren Nazioarteko Jaialdian, eta Nazioarteko Film Labur onenaren saria Bakea, Memoria eta Adiskidetzea kategorian, Historias en Kilometros Jaialdiaren 1. Edizioan (Kolonbia).
Insumisas-ek ere sari eta aipamen bereiak jaso zituen honako jaialdi hauetan: 6. Courage Film Festival (Alemania), Giza Eskubideen Nazioarteko Zinemaldia (Bolivia), 7. Festival Transhumant (Katalunia) eta 15. Festival Internacional Cine Invisible (Bilbo). Gainera, bere ilustrazioengatik, brontzezko domina irabazi zuen Brasilgo Diseinu Jaialdian, herrialdeko garrantzitsuena diseinu grafikoaren esparruan.
Datorren hilean Valparaisoko (Txile) 29N – Zinema, Memoria eta Giza Eskubideen Jaialdian, San Rafael en Corto (Santa Lucía de Tirajana, Kanariar Uharteak) 20. erakustaldian eta Kolonbiako Mariaren Mendien 13. Ikus-entzunezko Jaialdian proiektatuko da.
Insumisas-ek ekitaldi horietan guztietan parte hartu izanak aukera eman du Saharako emakumeen borroka maila globalean ikustarazteko eta Mendebaldeko Saharako egoerari buruzko eztabaida sortzeko.
Aprobetxatu Insumisas online ikusteko eta nazioarteko publikoa zergaitik liluratu duen jakiteko aukera!
Informazio gehiago:
Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental Laura Dauden brasildarrak eta Miguel Ángel Herrera kolonbiarrak elkarrekin egindako dokumentala da. Hegoak egin du eta Forward Films etxeak produzitu du, Euskal Fondoa – Tokiko Euskal Lankidetza Erakundeen Elkartearen finantziazioarekin.
Dokumentala Gertatutako guztia argitan jarri (Hegoa, 2022) ikerketa-txostenean oinarritu da. Hala, sahararren giza eskubideen defendatzaileen lana erakusten du, El Ghalia Djimi, Mina Baali, Soultana Khaya, Jadiyetu El Mohtar eta Omeima Mahmud defendatzaileen eskutik.
Brasilgo Leste estudioak egindako lau animazio-bloke ditu. Horietan Marokok emakume sahararren aurka erabilitako indarkerien larritasuna eta irismena erakusten dituzte, baita aktibista horiek beren herriaren eskubideen alde borrokatzeko erakusten duten indar etenezina ere.