Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Bob Sutcliffe hil zeneko urteurrena

Data: 2020(e)ko Abenduak 23
2019ko abenduaren 23an zendu zen Bob Sutcliffe gure lankide maitea, Hegoan hain marka sakona utzi duena. Oxford, Kingston, Massachusetts eta Nikaraguako unibertsitateetan irakatsi ondoren, 1980ko hamarkadaren amaieran Euskal Herrian kokatu zen Hegoako ikerlari eta UPV/EHUko Ekonomia irakasle gisa. Bere argitalpen ugarien artean, horietako batzuk nazioartean oihartzun handia izan dutenak, munduko ekonomia kapitalistari, inperialismoaren eraginari, desberdintasun globalari, migrazioari, goseari eta HIESaren epidemiari buruzkoak nabarmentzen dira. Bob funtsezkoa izan zen Hegoa finkatzeko, garapenaren inguruko eztabaidak suspertzeko eta ikertzaile gazteak trebatzeko. Maila handiko intelektual kritikoa izateaz gain, musikazale amorratua eta umore handiko solaskidea ere izan zen. Bizitzen ari garen krisi eta aldaketa garai honetan, oso erabilgarria izango zen bere gogoeta jakintsuak edukitzea. Maitasun handiz eta esker on sakonaz gogoratzen dugu.

Bob Sutclifferi buruzko erreferentzia interesgarri batzuk erantsi ditugu, hala nola iaz idatzitako obituarioak. Koldo Uncetak eta Eduardo Bidaurratzagak Bob ekarri zuten gogora, bere ibilbide akademiko luzean murgilduz. Testuan, bere lanik nabarmenenen bilakaera errepasatzen da: Bob Sutcliffe. In memorian. Era berean, The Guardian egunkarian bere memoriari eskainitako obituario bat argitaratu zen, ArthurMacEwanek idatzia, testua izaera pertsonalagoko erreferentzia berri bateanzabaldu zuena.

Bere lan zabalaren zati handi bat Hegoaren Liburutegi Digitalean kontsultatu daiteke.

Horrez gain, Hegoako multimedia zerbitzuan dauden Boben hitzaldiak ere kontsulta daitezke. Hemen, 2009ko urrian eskeinitako hitzaldia Krisiaren ondorengo garapena izenekoa, 2008ko krisialdi ekonomikoaren azterketa eta 30eko hamarkadako krisialdi handiarekin alderatzea ardatz duena.

Bestalde, eskuragarri dago Hegoa Institutuaren 2010-2011 ikasturteko hasierako ikasgaia. [Angus Maddison: kapitalismoaren historia] (http://multimedia.hegoa.ehu.eus/es/videos/1-angus-maddison-historia-del-capitalismo) izenburupean, Bobek Angus Maddison lankide eta lagunari eskaini zion bere hitzaldia, eta kapitalismoaren konbergentzia eta desberdintasun datuen bilakaera grafiko bakar batean aurkeztu zuen.

Lotutako albisteak