
Unibertsitate publikoaren gizarte-misioa eztabaidan
Espainiar Estatuko 8 unibertsitatetan egindako unibertsitate hedakuntzari buruzko Esplorazio-Diagnostikoa-ren arabera, Unibertsitate Publikoaren gizarte-misioa ahultzeko prozesu baten aurrean gaude, eta prozesu horrek lotura estua du Unibertsitatearen hirugarren misioaren, hau da, unibertsitate-hedakuntzaren, ezabaketarekin.
Hegoako Hezkuntza Taldeko kideak, Juanjo Celoriok eta Iris Murillok, Diagnostikoaren emaitzak aurkeztu zituzten 2024ko maiatzaren 23an eta 24an Granadako Unibertsitatean (UGR) egindako Unibertsitate Hedakuntza Kritikoari buruzko I. Jardunaldietan. Ekitaldia Hegoak bultzatutako eta Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Espainiako Agentziak (AECID gaztelaniazko siglen arabera) finantzatutako Unibertsitate Hedapen Kritikoa proiektuaren parte da.
Diagnostikoa, 2024. urte amaierarako argitaratuko dena, espainiar Estatuan unibertsitate-hedakuntza aztertzea du helburu. Horrekin batera, Unibertsitate Hedakuntza Kritikoko (UHK) esparru teoriko bat sortzea du helburu, unibertsitate-funtzio horren zentzu kritikoan sakontzeko estrategiak diseinatu ahal izateko. Prozesu hori guztia, Latinoamerikako hainbat unibertsitaterekin batera sustatuko da, Iparraldeko eta Hegoaldeko unibertsitateen arteko elkarlana eta jakintza eraikitze prozesu kolektiboak sustatuz.
Diagnostikoa egiteko bigarren mailako iturriak (estatutuak, plan estrategikoak...) eta iturri primarioak (unibertsitateetako gobernu-organoetako ordezkariei egindako elkarrizketa sakonak eta 8 unibertsitate-komunitateetako eragileei online egindako galdetegiak) erabili ziren.
Informazioa aztertzerakoan ateratako ondorioen artean "unibertsitatearen hirugarren misioa ezabatzeko asmo politikoa nabarmendu zen, unibertsitate- hedakuntza funtzioa sortu zen jatorrizko helburutik bereiziz".
Baieztapen hori unibertsitate-sistema arautzen duen Legean (LOSU gaztelaniazko siglen arabera) islatzen da. Lege horrek, bere aurrekariak ez bezala, ez du jada unibertsitate-hedakuntza aipatzen. "Espainiako unibertsitateko legedi demokratiko osoan erreferentzia historiko bat izan dena, desagertzen da", gogorarazi zuen Diagnostikoan elkarrizketatuetako batek.
Unibertsitateen araudia eta politikak jasotzen dituzten dokumentuetan ere "ezabaketa" hori agerian usten da. Kontzeptuaren prebalentzia estatutuetan eta plan estrategikoetan alderatzean, egiaztatu daiteke nabarmen jaitsi dela “Unibertsitate-hedakuntza” terminoa; batez ere plan estrategikoetan non unibertsitate-politika jasotzen da modu eguneratuan.
LOSU-ren proposamenarekin bat etorriz, "transferentzia" (edo "ezagutzaren transferentzia") kontzeptuaren erabilpena gailentzen da plan estrategikoetan unibertsitateak gizartearekin duen harremana izendatzeko. “Transferentzia” da, alde handiarekin, gehien erabiltzen den kontzeptua kantitateari eta aniztasunari dagokienez (aztertutako plan estrategiko guztietan erabiltzen den kontzeptu bakarra da).
Hala ere, "transferentziaren" eta "unibertsitate-hedakuntzaren" proposamen politikoa oso desberdina da. Lehenengoak, Unibertsitateak unibertsitatean sortutako ezagutza gizartera zabaltzeko helburua du eta horretarako, LOSU-k berak jasotzen duenez, Unibertsitatea "ezagutzaren ekoizle eta hedatzaile nagusi" gisa kokatzen du. Aitzitik, unibertsitate-hedakuntzak, zentzu kritiko batetik, Unibertsitatearen eta Gizartearen arteko harreman dialogikoa proposatzen du, non biak ezagutzaren ekoizletzat har daitezkeen eta elkarrekin lan egin dezaketen egungo gizartearen erronkak gainditzeko.
Sakatu hemen artikulu osoa irakurtzeko.
Informazio gehiago:
Lotutako albisteak




