Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Hegoako lankidetza eta garapenari buruzko masterretan aurrez izena emateko epea hasi da

Data: 2023(e)ko Otsailak 28

Martxoaren 1ean Garapena eta Nazioarteko Lankidetzako eta Globalizazio eta Garapena master ofizialetan aurrez izena emateko epea hasiko da. Hegoa Institutuak eta UPV/EHUko Ekonomia Aplikatuko Sailak koordinatzen dituzte masterrak. Datozen asteetan irekiko da, gainera, Nazioarteko Lankidetza eta Hezkuntza Emantzipatzailea online masterrean izena emateko epea.

Garapena eta Nazioarteko Lankidetza Master Ofiziala garapenerako nazioarteko lankidetzan espezializatutako langileak prestatzera bideratuta dago batez ere. Oinarrizko erreferentziatzat ekitatea, pobreziaren aurkako borroka, giza garapena eta iraunkortasuna ditu. Master honek, gainera, Latinoamerikan, Afrikan, Asian edo Europan garapenerako lankidetza-proiektu batean derrigorrezko praktikak barne hartzen ditu.

Globalizazio eta Garapena Master Ofiziala espezializazio akademikora eta ikertzaileen prestakuntzara zuzenduta dago, globalizazioaren eta garapen-prozesuen fenomenoei dagokionez. Diziplinartekoa da, eta Garapenari buruzko Ikasketen (Development Studies) tradizioan kokatzen da. Euskal Autonomia Erkidegoan curriculumetik kanpoko praktikak egiteko aukera barne hartzen du.

Bi titulu ofizial horiez gain, Hegoak eta UPV/EHUk Nazioarteko Lankidetza eta Hezkuntza Emanzipatzailea Masterra koordinatzen dute. Berezko titulua da, campus birtualaren bidez ematen dena, eta garapen kritikorako lankidetza bultzatzen duten pertsonak prestatzea du helburu, justizia soziala eta hezkuntza emantzipatzailea sustatzeko gai diren subjektu politikoak indartuz.

Hiru masterrek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren laguntza ekonomikoa dute.


EHU Master Week eta aurreinskripzio-prozesua

2023/2024 ikasturteko master ofizialetarako aurreinskripzioa, onarpena eta plaza-erreserba UPV/EHUren web orriaren bidez egiten da. Berezko masterrerako, berriz, UPV/EHUren orrialde honen bidez egingo da.

Martxoaren 6an, 15: 00etatik 15: 45era, aipatutako hiru masterren aurkezpen birtualak egingo dira EHU Master Week-en:

Aurkezpen bakoitzaren ondoren, ordubeteko txat bat egongo da prest edozein zalantza argitzeko. EHU Master Weekean parte hartzeko, esteka honetan erregistratu behar da.