Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

“Insumisas” bi aipamen berezi jaso ditu Transhumant eta Cine Invisible jaialdietan

Data: 2023(e)ko Urriak 30

Kataluniako Transhumant eta Bilboko Cine Invisible Film Sozialak jaialdiek aintzatespena egin diote Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental dokumentalari, bi aipamen bereziren bitartez.

Transhumant jaialdian, Insumisas dokumentalak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen “Mendebaldeko Saharako egoera politiko eta sozial zaila hobetzeko borrokan, emakume sahararren ahalduntzea eta lidergoa” erakusteagatik. Cine Invisible jaialdiak, bere aldetik, emakume batek egindako lanaren kategorian eman zion aipamen berezia Insumisas dokumentalari. Aipamen horiek Boliviako Sucre hirian ospatutako Giza Eskubideen Nazioarteko 19. Zinemaldian jasotako aipamenari gehitzen zaizkio.

Haien borrokaren aintzatespena eta elkartasunerako deia

Hegoako zuzendari eta Insumisas dokumentalaren talde sustatzaileko kide Irantzu Mendia Azkuek Laura Dauden zuzendaria desenkusatu zuen ekitaldian ez egoteagatik. Daudenek Forward Films produkzio-etxeko Miguen Ángel Herrarekin batera zuzendu du dokumentala. Mendiak haren izenean jaso zuen saria urriaren 27an Bilbon ospatutako Cine Invisible jaialdiaren itxiera-ekitaldian,

Bere hitzaldian, esker ona erakutsi zien borrokan dauden emakume sahararrei, eta gogorarazi zuen ia 50 urte daramatzatela okupazio militar eta polizialeko erregimen baten pean: “Gogora ditzagun gure elkartasuna behar duten herri horiek. Saharar herria aipatu dugu, baina ez dugu palestinar herria ahazten, hark ere okupazioa eta bonbardaketak pairatzen baititu”.

Aurreikusitako proiekzioak

Urte amaierara arte hainbat proiekzio daude programatuta Gironako La Bisbal d’Empordà herrian, Caracasen (Venezuela), Donostian, Ondarroan, Pontevedran, Quiton (Ecuador), Santanderren, Tarragonan, Terrassan, Badajozeko Villafranca de los Barros herrian eta Gasteizen.

Hurrengo proiekzioa azaroaren 1ean 20:00etan izango da, Pontevedrako Teatro Nagusian. Ekitaldia  Cuña-Casasbellas fundazioak eta CGT-Pontevedra sindikatuak antolatu dute. Proiekzioaren ostean, mahai-inguru bat egingo dute Laura Dauden eta Miguel Ángel Herrerarekin.


Informazio gehiago:

Insumisas dokumentala Hegoa Institutuak egin du eta Forward Films etxeak produzitu du, Euskal Fondoa – Tokiko Euskal Lankidetza Erakundeen Elkartearen finantziazioarekin.

Dokumentala Gertatutako guztia argitan jarri (Hegoa, 2022) ikerketa-txostenean oinarritu da. Hala, sahararren giza eskubideen defendatzaileen lana erakusten du,  El Ghalia Djimi, Mina Baali, Soultana Khaya, Jadiyetu El Mohtar eta Omeima Mahmud defendatzaileen eskutik. Brasilgo Leste estudioak egindako lau animazio-bloke ditu. Horietan Marokok emakumeen aurka erabilitako indarkerien larritasuna eta irismena erakusten dituzte, baita aktibista horiek beren herriaren eskubideen alde borrokatzeko erakusten duten indar etenezina ere.