Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Caucako Iparraldean (Kolonbia) abian dauden bi proiekturen jarraipen bisita eta tailerrak

Data: 2023(e)ko Abenduak 21

Abenduaren 11tik 21era bitartean, Hegoako (UPV/EHU) bi lagunek eta Lanki Institutuko (Mondragon Unibertsitatea) batek osatutako talde batek bi proiektu bisitatu dituzte Cauca Iparraldean: “Cauca Iparraldeko emakumeen erakundeen ahalduntze ekonomikoa” eta “ESSren tokiko ekosistemetan gaitasunak eta aliantzak indartzea, eskualde andetarreko lurraldeetako trantsizio ekosozialetan laguntzeko”.

Ahalduntze ekonomikoa

Proiektu horietako lehenengoak, eLankidetzak finantzatutakoak eta hil honetan amaitzen denak, emakumeen erakundeek ahalduntze ekonomikorako dituzten gaitasunak indartzea du helburu.  Proiektu hori Lanki Institutuarekin (Mondragon Unibertsitatea) partzuergoan egiten ari da, Corporación Ensayosarekin eta Instituto de Estudios Interculturalesekin (Universidad Javeriana de Cali) lankidetzan.

Erakundeek 17 ekimen sozioproduktibo formulatu dituzte; horietako batzuk martxan daude jada, eta beste batzuk, berriz, gizarte- eta antolamendu-sendotze prozesuan. Caucan diplomatu bat (2022) burutu, hamar emakumeko bi taldek Euskadira bi bidaia (2022ko urria eta 2023ko apirila) egin, eta eragin politikoa duten beste ekintza batzuk egin ondoren -ekonomia feministei buruzko mintegi birtual bat eta emakumeen egoera ikusarazteko jaialdi bat Caloton (aurtengo azaroaren 25ean egin zen eta 700 pertsona inguru bertaratu ziren)-, prozesu osoaren balorazioa oso positiboa da.

Trantsizio ekosozialak

Bigarren proiektuak, Hegoaz gain, Bolivia, Kolonbia, Ekuador eta Peruko beste bost unibertsitate-erakunde inplikatzen ditu, eta Andeetako herrialde horietako lau lurraldetako erakundeen, kooperatiben eta gizarte-mugimenduen gaitasunak indartzea du helburu. Aurreko kasuan bezala, eLankidetzak finantzatzen du ekimen hau.

Bidaia honetan, Hegoaren taldeak Cecoespe bake sinatzaileen kooperatibako buruzagitzarekin lan egin du, baita Caucako Plataforma Komunitarioa osatzen duten  indigenen, afroen eta nekazarien aliantzarekin ere. Caldonon (Pueblo Nuevo) sistematizazio-tailerretan parte hartu du, bake-sinatzaileen Coomeep kooperatibarekin, eta Toribioko Tacueó-ko indigenen babesean, Nasa proiektuarekin.

Bisita honen esparruan antolatutako tailerrak eta bilerak oso garrantzitsuak izaten ari dira Andeetako lau herrialde horien kasuei buruzko azterlanak biltzen dituen lan bat egiteko.











Lotutako albisteak