Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

"Insumisas" filmak bigarren saria lortu du FiSahararen XVIII. edizioan, munduko erresistentzia-mugimenduak lotu dituen jardunaldi hunkigarri batean

Data: 2024(e)ko Maiatzak 29

FiSahara nazioarteko zinema-jaialdiaren XVIII. edizioa apirilaren 29tik maiatzaren 5era egin da Auserd-eko wilayan, Tinduf-eko (Argelia) errefuxiatu sahararren kanpamentuetan. Sei egunez, jarduera ugari egin dira; tartea, hauek: proiekzioak, hitzaldiak, kontzertuak, pailazoen ikuskizunak, kultura-arteko topaketak eta kultura-ospakizunak.

Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental dokumentalak ireki zuen jaialdia, ikusle ugari zirela bertan, eta bigarren saria jaso zuen. Filmaren protagonistetako bik, El Ghalia Djimi eta Mina Baali aktibistek, jaso zuten saria. Hain zuzen ere, Auserd-eko wilayako Kulturako zuzendari Galia Yahia eta Auserd-eko Emakumeen Etxeko zuzendari Sidami Hafed arduratu ziren sariak emateaz.

Lehen saria (Gamelu Zuria) 200 metros (Palestina) lanak jaso zuen eta, hirugarren saria, berriz, Igualada (Kolonbia) lanak. Eduardo Galeano Giza Eskubideen Saria Marokok okupatutako Mendebaldeko Sahararen giza eskubideen defendatzaileen kolektiboak jaso zuen.

Eustea irabaztea da

FiSahararen edizio honetako goiburua Jaimitna Fi Cinema (Gure haima zineman): eustea irabaztea da izan zen. Jaialdiaren antolatzaileek azaltzen dutenez, FiSaharak «sahararren espiritu kartsu eta borrokalaria irudikatzen du eta, orain dela 20 urte, bere burua gai ikusi zuen bere ahotsak munduaren gainerakoari agertzeko ekitaldi handi bat sortzeko».

«Kolonialismoaren eta okupazioaren aurkako borroka luzean, jasaten dituzten bidegabekeriak dokumentatzeko, beren erresistentzia-istorioak kontatzeko eta beren kultura eta nortasuna zaintzeko ezinbesteko tresnatzat hartu dute zinema sahararrek», esan dute gero.

Saharako emakumeen zeregina azpimarratzeaz gain, FiSahararen edizio honetan bereziki nabarmendu da hauxe: «Elkar ezagutzen ez duten baina bizi-esperientziak, existentzia paraleloak, sufrimendu-istorioak eta erresistentzia-metodoak partekatzen dituzten herriak konektatzea». Horregatik, Ekialdeko Timor, Puerto Rico, Palestina, Kolonbia, Senegal eta Aljeriako pertsonak gonbidatu zituen, baita Mendebaldeko Sahararen defendatzaile ugari ere.


INFORMAZIO GEHIAGO:

Insumisas. Mujeres en lucha en el Sáhara Occidental Laura Dauden brasildarrak eta Miguel Ángel Herrera kolonbiarrak elkarrekin egindako dokumentala da. Hegoa Institutuak egin du eta Forward Films etxeak produzitu du, Euskal Fondoa – Tokiko Euskal Lankidetza Erakundeen Elkartearen finantziazioarekin.

Dokumentala Gertatutako guztia argitan jarri (Hegoa, 2022) ikerketa-txostenean oinarritu da. Hala, sahararren giza eskubideen defendatzaileen lana erakusten du, El Ghalia Djimi, Mina Baali, Soultana Khaya, Jadiyetu El Mohtar eta Omeima Mahmud defendatzaileen eskutik. 

Brasilgo Leste estudioak egindako lau animazio-bloke ditu. Horietan Marokok emakumeen aurka erabilitako indarkerien larritasuna eta irismena erakusten dituzte, baita aktibista horiek beren herriaren eskubideen alde borrokatzeko erakusten duten indar etenezina ere.



Argazkiak:








Argazkiak: ©Sergio R. Moreno.