
Irene Muedrak Antuan Montecatine lehiaketa irabazi du, Bilboko San Frantzisko auzoko segurtasun (eza) jorratzen duen MAL batekin
Irene Muedrak geografiako ikasketak egin zituen Valentziako Unibertsitatean; hiri horretan jaio zen eta han bizi da gaur egun. Hegoak eta UPV/EHUk eskaintzen duten Globalizazioko eta Garapeneko Masterra ikasi zuen 2023/2024 ikasturtean eta Antuan Montecatine saria jaso berri du La (in)seguridad en la producción del espacio urbano. Una aproximación desde el barrio bilbaíno de San Francisco izeneko bere master-amaierako lanarekin.
Bere lanaren abiapuntua Henri Lefebvreren espazioaren produkzioaren proposamena da; hiru dimentsio ditu hizpide: bizitako espazioa, pentsatutako espazioa eta hautemandako espazioa. Analisi-tresna hori San Frantzisko auzoan baliatu du, segurtasunik eza espazio-ikuspegitik irakurtzeko. Analisiaren ondoren, «herritarren segurtasun» kontzepturako beste proposamen baterako oinarriak zirriborratu ditu. «Komunitatearen segurtasun» deitu dio berak: espazio seguruak eta, aldi berean, gizarte-alderdian justuak direnak eraikitzen lagunduko lukeen gainditze-kontzeptua.
Irene Muedrak urte batzuk daramatza jada ideia hori ikertzen. Auzo-batzar batean zegoela, bizilagunen ahotan segurtasunik ezaren istorioak entzun zituen, lapurretei edo eraso fisikoei buruzko kontakizunak. Batetik, bazekiten horrek auzoa ahultzen zuela baina, bestetik, ez zuten ohiko segurtasun-diskurtso bat egin nahi. Kezkatuta zeuden pertsona batzuek auzoa "jendailaz bete" zela pentsatzeagatik, migratzailez eta pobrez, eta konturatu ziren zeinen beharrezkoa zen diskurtso horiei erantzuteko tresnak izatea, biztanleriaren zati bat estigmatizatzen ez jarraitzeko.
Hilabete batzuk geroago, Irene Atenasera joan zen bizitzera, Exarcheiara, eta horrek lagundu zion gai horiei buruz pentsatzen jartzen; izan ere, auzo hori espazio anarkista da, dinamismo politiko handikoa, eta espazio autonomoen ekimenak daude bertan.
Globalizazioa eta garapena
Hegoaren masterretik gauza baliagarri asko atera ditu Irenek, ez denak akademikoak, berak esan duenez. Nabarmendu duenez, ezinbestekoa izan du akademiaren barruan espazio kritiko eta alternatiboak aurkitzea. Argi zuen ikerketa interesatzen zitzaiola, baina kezka bat zuen: ikertuko zuenak benetan gizarte-eraldaketarako balioko ote zuen. Bere ustez, master hau oso garrantzitsua izan da orain dena eta aurrerantzean egin nahi duena definitzeko.
Azaldu duenez, oso harreman ona izan du irakasleekin eta ezagutzen ez zituen material, irakurgai eta egile asko ezagutu ditu. Globalizazioko eta Garapeneko Masterrak unibertsitate-eredu tradizionalaren alternatiba bat eskaintzen duela uste du. Ikusi ahal izan du badela bestelako biderik akademiaren barruan eta eskura ditzakeela tresnak etorkizunean irakasle izateko (unibertsitatean edo bigarren hezkuntzan).
Irenek kontatu digunez, Hegoan ikasten ari zen bitartean San Frantzisko auzoan bizi izan zen, eta jendeak bere ikerketarako elkarrizketak bilatzen laguntzen zion. Esan digunez, gainera, tratu zaindu eta pertsonala jaso du masterrean eta beretzako ezinbestekoa izan da besteak beste Patxi Zabalo eta Xabi Gainza irakasleak alboan izatea; hitz politak besterik ez ditu beraientzat.
Hurrengo urteetan, doktoretza-programa bat egingo du eta, horren bidez, komunitatearen segurtasunaren kontzeptuan eta ideia hori benetako aukera bihurtzeko kasu jakinetan sakondu nahi du.
Lotutako albisteak




