Nazioarteko Lankidetza eta Garapenari
Buruzko Ikasketa Institutua

Hezkuntza askatzailearen arloan trebatu nahi duzu zure burua?

Data: 2025(e)ko Apirilak 30

Gaur egungo testuinguru konplexuan (sistema hegemonikoaren ondoriozko askotariko krisiak bizitzen ari gara: kapitalista, heteropatriarkala, estraktibista, koloniala...), hezkuntza askatzaileak bizitza erdigunean jarriko duen eraldaketa sozial justu eta jasangarriagoan lagunduko duten ekimen pedagogikoak biltzen ditu.

Hezkuntza askatzaileak alderdi politikoa eransten die bere aldaketa sozialeko helburu eta proposamen estrategikoei. Sentsibilizaziotik, lankidetzatik eta eskola-erakundeetan bakarrik jorratzen den hezkuntzatik harago doa. Hori horrela, kontzientzia kritikoa hartzeko prozesuak proposatzen ditu (Paulo Freireren proposamenarekin bat), hartara ekintza politikoko estrategiak garatu eta esperientzia alternatiboak abiarazi ahal izango dituzte subjektuek sistema hegemonikoari aurre egiteko.

Hegoa institutuaren graduondoko ikasketen eskaintzaren barruan, gai horiei buruzko master bat dago; hots, Nazioarteko Lankidetzako eta Hezkuntza Askatzaileko Etengabeko Prestakuntzako Masterra (online masterra da). Pedagogia kritikoen, herrikoien, feministen, internazionalisten, ekologisten eta dekolonialen ekarpenetatik abiatuta ekimen pedagogiko eraldatzaileak garatzeko tresnak eskaintzen ditu prestakuntza espezializatu horrek.

Horretarako, nazioarteko hezkuntza eta lankidetzaren panoraman nagusi izan diren iparra-hegoa eta  kooperazioa-hezkuntza ikuspegi dikotomikoak gainditzea proposatzen du eta, horretarako, besteak beste, gizarte-mugimenduen eta GGKE eraldatzaileen esperientziak baliatzea.

Graduondo horrekin, gizarte-eraldaketarako hezkuntza-ekimenak diseinatzeko eta ezartzeko tresnak eskuratzen dituzte ikasleek, gizarte- eta ingurumen-justiziari laguntzeko.

Nazioarteko Lankidetzako eta Hezkuntza Askatzaileko Etengabeko Prestakuntzako Masterra berezko titulu bat da, eta Hegoa institutuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak koordinatzen dute. Curriculumetik kanpoko praktikak egiteko aukera ematen du.

Maiatzaren 22an hasiko da online aurrez izena emateko prozesua.

Hegoak eta UPV/EHUk eskaintzen dituzten beste master batzuk

Beste bi master eskaintzen ditu Hegoak, aurrez aurreko bi titulu ofizial: Garapeneko eta Nazioarteko Lankidetzako Master Ofiziala eta Globalizazioko eta Garapeneko Master Ofiziala.

Azken horretarako, aurrez izena emateko bigarren aldi bat dago: 2025eko maiatzaren 26tik 30era.

Webgune honetan kontsulta dezakezu Hegoa institutuak eta UPV/EHUk koordinatzen dituzten masterrei buruzko informazio gehiago.